Sarbide irekiko irudi-bankuak hobeto ezagutzeko, bi web gune hauek aukeratu ditut: Wikimedia Commons eta GigaPan. Horrenbestez, horien orrialdeetan nabigatzen ibili naiz informazioa eskuratzeko.
WIKIMEDIA COMMONS:
Web gune honen jabea, Wikimedia fundazioa da (Wikipediaren sortzailea) eta bertan, multimedia artxibo mordoa (5 milioi inguru) bilatu daitezke. Artxibo hauek, irudi, soinu eta bideo formatuan daude, gai desberdinetan sailkatuta: natura, gizartea, kultura eta zientziak. Wikimedia Commonsek lizentzia libreekin dihardu lanean. Hau da, lanak zabaldu eta kopiatu daitezke, baina beti egileen izenak aipatuta eta lizentzia berdinen menpe. Gainera, lan horiek eraldatzeko aukera dago, antzerako lanak sortuz. Baina, orrialdeak editatzeko erregistratuta egotea ez da beharrezkoa, Copyleft motako wiki bat delako. Argazkiak igotzeko aldiz, erregistratuta egon behar da. Commonsen helburua, fundazioaren gainontzeko proiektuentzat ikus-entzunezkoen biltegia izatea da eta horregatik, Flickren ez bezala, argazki eta lan pertsonalak ez daude onartuta.
Bilaketa aurreratuak, idatzitakoa non bilatu nahi dugun hautatzeko aukera ematen digu. Adibidez, Wikimedia bertatik posible da irudiak Googlen, Yahoon eta beste web guneetan bilatzea. Horrela, Wikimediako galerian euskal sukaldaritzari buruzko irudiak bilatzeko, “Basque food” hitz-gakoak jarri ditut eta bilaketa aurreratuan “Gallery” deritzona aukeratu behar izan dut. Ondorio moduan, emaitzetan Euskal Herriko janari ospetsuenak azaldu dira. Adibidez, sagardo botilak, gaztak, babarrunak, pintxoak, etab.
Sarbide irekiko irudi-banku hau egokia iruditu zait, artxibo desberdinak elkarbanatu, kopiatu eta eraldatzeko aukera dagoelako. Halaber, hizkuntza askotan dago, bilaketa aurreratua izan ezik ingelesez bakarrik dagoela. Argazki kopuruari dagokionez, mota guztietakoak daude eskuragarri eta horien bilaketak errazteko, sail desberdinetan antolatuta daude.
Aldiz, gutxien gustatu zaidana argazkien kalitatea izan da. Hori dela eta, lan profesionalak egiteko ez nuke web gune honetara joko.

GIGAPAN:
GigaPan web gunea, Carnegie Mellon unibertsitateak sortu zuen, NASA eta Googleren laguntzarekin. Bertan, mundu osoko argazki panoramikoak eskaintzen dira, kamera bereziekin ateratakoak alegia. Hala nola, pasai, hiri, denda eta bazarretako argazkiak. CC lizentziekin egiten dute lan, beraz, irudiak elkarbanatzea posible da, beti ere erabilpen komertzialetarako ez badira. Horrela, kontu bat sortu ostean, erabiltzaileak argazkiak igo ditzake beste erabiltzaileekin konpartitzeko. Era berean, jendeak egindako balorazioak ikusgai daude argazkien azpian edo “Conversations” atalean. Aukera hau oso baliagarria da, izan ere, argazkiak hautatzerako orduan besteen iritziak jakitea interesgarria izaten da. Bilaketa burutzeko “Beach” hitz-gakoa idatzi dut. Jarraian, horrekin erlazionatutako emaitzak eta argazkien datuak (autorea, tamaina, noiz atera den…) azaldu dira. Irudi batean klik eginez gero, bere panoramika osoa ikusten da erresoluzio altuan (Gigapixeletan) eta zoomaren bidez, argazkiaren xehetasun guztiak ikusi ditzakegu.
Gehien gustatu zaidana, tamaina handiko irudien eskaintza zabala izan da, zeren eta, ezohikoa da argazki panoramikoak eskaintzen dituzten web guneak aurkitzea. Gainera, irudi banku honetako argazki berri (“Most Recent”) eta ezagunenak (“Most Popular”) ikusteko aukera dago. Nahiz eta panoramika bakoitza argazki desberdinez osatuta egon, argazkiek kalitate handia daukate. Ondorioz, GigaPan web gunea lan profesionalak egiteko erabiliko dut, hau da, kalitatezko eta erresoluzio altuko argazkien beharra dudanean.
Nire ustez, sarbide irekiko irudi-banku honen puntu txar nagusia, bilaketa aurreratuaren falta da. Honek bilaketa prozesua zaildu egiten du eta nekez lortzen ditugu bilatu nahi genituen argazkiak.
General atalean publikatua